XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HITZAURREA

Bertsoaren osagaiak asko dira: errima, neurria, doinua, gorputz adierazpena, bukaerako arrazoia, bitarteko literatur-baliapideak... asko.

Eta gainera, gauza sorgina da bertsoa.

Horiek denak ongi erabilita ere, osotasunean ona, egokia eta behar den huraxe ez bada, belarri-gozatzen ez gaituena baita.

Nonbaitetik hasi egin behar izaten da ordea, eta bukaerako arrazoia tajutzetik hastea premiazkoa gertatzen zaigu.

Hartara, badakigu nora iritsi nahi dugun eta bidean ze arrazoipide eta ze errima erabili geuk ezartzen diogu geure buruari.

Lan hori itxuraz burutzeko, denek ere almazena deitu izan dugun hori ongi betea edukitzea komeni da.

Arrazoi zuten klasikoek, hutsetik ezer ez dela sortzen ziotenean.

Almazena betetzeko bakoitzak ditu bere saiakera eta sailkaerak; bere iturri eta sustraiak; bere errima kuttun eta gorrotatuak.

Esku artean duzun hau bertsotarako tresna baino ez duzu.

Informatika eta ahozko literatura uztarrezinak ez diren ustearen frogatxo bat.

Almazena nondik eta nola betetzen hasi ez dakienak, hemen badu zer hustu eta zer ahaztu non miatu eta zeri begiratu.

Oso da baliagarri hitzak atzekoz aurrera sailkatu dizkigun hiztegia.

Errimek ere modak jasaten dituzte eta garai batean inork erabiltzen ez zuen halako hitz hura gero denok erabiltzen dugu, norbaiti, behin, bururatu zitzaiolako.

Miatu beraz, inor inoiz jabetu ez zen horrexen bila.

Baina kontuz!

Hau ez da bertsotan ongi egiteko inolako bermea.

Hobetoxeago egitea ez al da nahikoa?

Eta ez ahaztu!

Errimak ez dio bertsoaren formari bakarrik eragiten.

Errimak aurretik esaten duguna baldintzatzen du.

Errima berriak esanahi berria.

Ea egia den!

Andoni Egaña